ASETTek 2027ko urriaren 27tik 29ra atzeratu du Nazioarteko II. Foroa

Donostia-San Sebastián, 2026ko urriaren 15a.

ASETT – Arizmendiarrieta Social Economy Think & Do Tank erakundearen Zuzendaritza Batzordeak erabaki du ASETT nazioarteko II. Foroa 2027ko urriaren 27tik 29ra atzeratzea. Foroa 2026ko azaroaren 11tik 13ra egitekoa zen, Donostian.

Erabaki hori azaroaren 11rako etxebizitza eskuratzeko eskubidearen inguruan deitutako greba orokorrak eragindako antolaketa- eta logistika-zailtasunen ondorio da. Greba Foroaren hasierarekin bat etortzeak eragina izan dezake joan-etorrietan, kontratatutako zerbitzuetan eta gonbidatutako pertsona eta erakundeen parte-hartzean.

Topaketaren nazioarteko dimentsioa kontuan hartuta, ASETTek beharrezkotzat jotzen du aurreikusitako irismena, edukien kalitatea eta parte-hartzea bermatzeko baldintzak zaintzea.

Etxebizitza eskuragarri eta egonkor bat izatea da, hain zuzen ere, Foroak jorratu nahi zituen erronka nagusietako bat, lehiakortasunarekin, finantzaketarekin, inklusioarekin, osasunarekin, lankidetzarekin, lege-esparruarekin eta ikerketarekin eta prospektibarekin batera.

«Lurraldetik etxera: bizitzeko lankidetzan aritzea» izenburupean, Etxebizitzaren Foroak aztertuko ditu Gizarte Ekonomia dagoeneko garatzen ari den erantzunak, hala nola eredu kooperatiboak, erabilera-lagapeneko ereduak eta etxebizitza soziala hornitzen duten erakundeak, baita horien irismena zabaltzeko beharrezkoak diren baldintzak ere.

Ikuspegi hori bat dator ASETTen izateko arrazoiarekin: ezagutza, prospektiba eta ekintza uztartzea, Gizarte Ekonomiak gure garaiko erronka handiei aurre egiteko dagoeneko egiten dituen ekarpenak ulertzeko eta erantzuteko duen gaitasuna nola indartu aztertzeko.

ASETT Nazioarteko II. Foroak bere ikuspegia, nazioarteko bokazioa eta leloa mantenduko ditu: «Gizarte Ekonomia etorkizuneko erronka handien aurrean. Ezagutzatik ekintzara». ELGAren (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea) eta Nazio Batuen Local2030 Koalizioaren lankidetza izaten jarraituko du, erakundeekin, enpresekin, Gizarte Ekonomiako sareekin, mundu akademikoarekin eta gizarte zibilarekin batera.

ASETTek sentitzen ditu sortutako eragozpenak, eta eskerrak eman nahi dizkie topaketa prestatzen lagundu duten erakunde, antolakunde, hizlari, laguntzaile eta pertsona guztiei, erakutsitako inplikazioagatik eta ulermenagatik. ASETTen lanak aurrera jarraitzen du, erronka ekonomiko eta sozial handiei aurre egiteko esperientziak, ezagutza eta irtenbideak uztartuz.

Udazken honetan, elkarguneak sortzen jarraituko dugu. Horietako bat azaroaren 12an izango da, Donostian. José María Arizmendiarrietari omenaldia egingo diogu, euskal kooperatibismoaren sustatzaile eta MONDRAGONen bultzatzaileari, zeinaren izena daraman ASETTek. Omenaldia online ere jarraitu ahal izango da.

Laster emango dugu omenaldian eta aurreikusitako gainerako jardueretan parte hartzeko xehetasunen berri. Elkarrekin lanean jarraitzen dugu, ezagutza ekintzara eramateko eta Gizarte Ekonomiak dagoeneko eskaintzen dituen erantzunak zabaltzeko.